XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Humboldt-engandik hasita, ordea, Korzybski-ganaino badago hats bakar baten ekarri etengabea, argi egile: hizkuntza bakoitza munduaren ikuskera jator eta berezia da.

Joera honetan ausartena beharbada Benjamin Lee Whorf dugu (1897-1941).

Judua, bizipidez urte askotan ijeneru batetik, eta horren gazterik hil zelako bestetik, ez du Whorf-ek ahal zukeen guztia eman.

Ondikotz! Sapir famatuaren ikasle, baita Unibertsitadean ordezko ere 1937 eta 1938-an, Whorf Arizona-ko azteka-mintzairen espezialista izan zen.

Hopi-hizkeraz, batez ere, lan bikainak utzi zituen, Hopi-tarren gramatika eta hiztegia bereziki.

Whorf nor zen somatzeko aski izango da haren bi ezagutarazleen izenak ematea.

Aipatua dut lehenengoa dagoeneko: Edward Sapir, Amerikak gaur arte eman dituen hizkuntzalarien artean, handienetakoa.

Hots, Sapir-ek berak joera berriei bide irekiz, hau idatzi zuen orain dela mende erdi bat: Ez dira gizakumeak soilki mundu objetiboan bizi; ezta, eskuarki uste dugun modura, gizarte-ekintzetan ari ere.

Beroien gizartean mintzabide bihurtu den hizkuntzak baldintzen ditu txit.

Guztiz oker daude, beraz, ia-ia hizkuntzaren artekotasunik edo kutsurik gabe munduari itsasten edo egokitzen gatzaizkiola uste dutenak.

Oker daude oso, mintzatzeko edo pentsatzeko askatu behar ditugun korapiloak askatzen, hizkuntza bigarren mailako tresna besterik ez dela uste dutenak.

Besterik da egia: egiazko mundua deritzana, oro har, geure taldearen hizkuntzaren arabera eraikia dugu oharkabean....

Hein batean, gutxienez, geure zentzuen mezua hartzeko era (ikusmen, entzumen, eta abar) geure giza-multzoaren hizkuntza-ohiturek horretaratua da.

Hizkuntza-molde gorde horiek irizkera berezi batetara bultzatzen gaituzte (Sapir, Whorf-ek aipatua, Ling. et Anthr., 69).

Bigarrena USA-ko aleman bat: (...).